Vienako Bigarren Eskola

 

Vienako Eskolaren bilera bateko argazkia, Richard Fish argazkilariak 1944 eta 1948 bitartean aterata

Vienako Bigarren Eskola (alemanez: Zweite Wiener Schule, Neue Wiener Schule) XX. mendearen hasieran Arnold Schönbergek eta haren ikasleek, bereziki Alban Bergek eta Anton Webernek, Vienan osatutako konpositore taldea izan zen. Hasiera batean haien musika estilo erromantiko-berantiarrak markatutako tonalitate hedatuak definitzen zuen arren, laster zentru tonalik gabeko musika espresionista guztiz kromatikoa bilakatuko zen, atonalitate izenez ezagutua. Beranduago, Schönbergek hamabi tonuen teknika serial bat garatuko zuen, dodekafonismo deiturikoa. Adorno pentsalariak esan zuenez, behin dodekafonismoaren ideia ondo osaturik eta uztarturik, hau "botila batean sartutako mezu izugarria" da, etorkizun ezezagun eta zalantzagarri bati zuzendua.[1] Teknikaren garapena gertatu zen arren, ez zen lankidetzaren ondorio izan, ezta denbora-lerro zuzen batean jazo ere. Halaber, ez zen Schönbergen irakaskuntzaren zuzeneko emaitza izan, hau zeharo tradizionala eta kontserbadorea baitzen, haren argitaratutako zenbait testuliburutan ikus daitekeenez. Testuliburu hauek ere erakusten dute nola Vienako Bigarren Eskola ez zen zehazki Schönbergen metodo serialaren garapenetik sortu, baizik eta haren eragin artistiko eta sortzailetik.

  1. Volbach, W. R.; Adorno, Theodor W.. (1950). «Philosophie der neuen Musik» Books Abroad 24 (4): 394.  doi:10.2307/40089560. ISSN 0006-7431..

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search